XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

DIEGO GOITIAREN EUSKARAZKO ESALDI BILDUMAK. Donostia, 1982-II-26

Diego Goitia aulestiarraren euskarazko lanak aipamenez baizik ez genituen ezagutzen.

1903. urtean Labayruk Historia General del Señorío de Vizcaya-ren VI. tomoko XII. kapituluaren azkenean aipatzen zuenaz ere ez dakit inor ohartu zen.

Labayruren obra 1969an birargitaratzean jabetu nintzen hortaz eta Egan aldizkarian ohar batzu egin ere bai, lanok galduak ote ziren galdezka (ikus, Egan, II Epoca, Vol. XXIX, Uztaila-Abendua, 1969. 4-6 zenb. 99 orr.).

Diego Goitia aulestiarra, XVIII. mendean bota zituzten jesuitetarikoa zen eta garaiagatik eta orduko beste zenbait jesuitak egin zituzten euskarazko lan bikainegatik bere lana garrantzitsua izan zitekeala iduritu zitzaidan.

Geroztik Aita Jose Ramon Egillor Loiolako artxibaria ezagutu nuen, gordailu hartako paperak antolatzen ari zena.

Egan-en argitaratu nuenaren berri eman nion, Goitia zenaren paperetaz arreta har zezan.

Duela zenbait hilabete aditzera eman zidan Egillor jaunak Goitiak bi anaia zirela eta paper guziak bildurik zeuzkala eta nahi nuenean joateko bertara.

Hil honen zortzian, Bertsolari txapelketa eratzeko Azkoitian izan genuen bilera eguna aprobetxatuz, arratsaldez joan nintzen Loiolara eta han Goitiatarren esku-izkribuak ikertu.

Eta, latinez, italeraz eta gazteleraz idatzitako lanen artean Labayruk aipatzen zituen euskarazko Ejercicios de bascuence direlakoak aurkitu nituen.

Ariketa eta hitz zerrenda guti batzu eta anitz esaldiz hornitzen diren hiru liburuxka guziz.

Baina, San Borjaren biziari amardunde... deritzanik ez nuen aurkitu.

Hiru liburuxkak, esku-izkribuz, esaldi bildumak dira.

Beren garrantzia dute, idatzi ziren garaiagatik ez ezik, euskarazko lehen fraseologia bildumak direnezkero.

Bertan, egileak, esaera jatorrak biltzen ditu, gramatikazko ariketa batzuren inguruan ikasteko eran.

Hara hemen hiru liburuxken xehetasunak.